2007-09-22

Diruak bakarrik ematen al du zoriontasuna?

Futbolak, gaur egun, kiroletik baino, negoziotik gehiago duela esaten da mugitzen duen dirutzari erreparatzen diogunean. Telebista eskubideengatik dirutzak jasotzen dituzte klubek, baita kamisetan edozer iragartzeagatik eta diru sarrera horiek guztiak azkenean futbolarien soldatetan isladatzen dira. Askotan entzuten dugu futbolarien soldatekin, edozein zoriontsu litzatekeela. Zoriontasuna diruak bakarrik emango balu!!! Aurkako adibideak ere badaudela azaltzeko, irakurri berri dudan albiste bat:

Badira, diru mordoa irabazita ere, bolada txarrak sofritzen dituzten futbolarien kasuak eta horietako bat dugu Adriano Leite Ribeiro, Milango Inter taldean aritzen den jokalari brasildarra. Bere garaian Ronaldo handiaren oinordeko izan zitekeela uste zena. Italiako telebista batean aitortu du oraintsu, joan zen denboraldia gogorra izan zela oso beretzat eta burua altxa ezinik ibiltzeko arrazoiak jakinarazi ditu. Lo egiteko edan egiten zuela eta arazoak besterik ez zituela buruan, futbola alde batera utzi zuelarik. Arazoak,edozein motatakoak, pertsona bakoitzak modu ezberdinean bizi ditugu eta Adrianoren kasuan, futbola bera ere alde batera uztera behartu zuten. Zorionez, gaur egun berriz ere bide onean da eta futbolari sentitzen hasi da berriz ere.

Ez da ohikoa jokalariek aitorpen hauek egitea, sarritan bizitza zoriontsudun eta arazorik gabeak dituztela uste baitugu, denda garestietan dirutzak uztea eta gauetan parrandaz ibiltzea besterik ez dutela buruan. Kasu askotan, bizitza hori isladatzeaz bakarrik kezkatzen dira, sentimendurik gabeko baliara bezala, guztiaren gainetik baleude bezala.Baina azken buruan, gizakiak dira, emozioak eta sentimenduak dituzte eta arazoen aurrean, edozein gizaki bezain gogorrak edo ahulak izan daitezke.

No hay comentarios: