2008-01-24

Murgiltze sentsazioa kirolean



2008 urteko tenis denboraldian abian jarri zen duela aste batzuk eta dagoeneko lehen Grand Slam-eko finalaren atarian aurkitzen gara, Australiako irekikoa hain zuzen ere. Gaurko partidan ezustekoa eman du Jo-Wilfried Tsonga, ATPko zerrendako 38. tokia duen jokalari frantziarrak eta finalerako sailkatu da ATPko zerrendan 2. sailkatuta dagoen Rafael Nadalen aurka. Partida amaitu ondorengo adierazpenetan hauxe adierazi du: " Ametsa da. Nire joko guztia gustatu zait gaur, errebesa, sakea, dejada. Nire onena eman dut pistan. Bultzatzen ninduen energia sentitzen nuen, plazerra izan da, zoragarria . Edonork amesten duen partida jokatu dut" Tenis pistetatik kanpo ia 2 urte luze eman ditu lesioen ondorioz eta orain sasoian dagoela adierazi du, eta jokoaz gehiago gozatzen duela " Ez dut motibazio gehiago lesioaren ondoren baina gehiago gozatzen dut orain jokoarekin, eta zoriontsu naiz egiten dudanarekin. Pasioa da niretzat tenisa".

Partidaren hasieratik ikusi da Jo-Wilfried Tsongak bere jokoan konfidantza itsua zuela eta garaipena lortzearekin erabat sinistuta zegoela, begirada kontzentratua eta modu ziurrez mugitzen zen pistan, lasaitasun osoz, Nadal gainditzeko gai zela erakutsi nahian bezala. Partida amaitu ondorengo adierazpenetako "bultzatzen ninduen energia bat sentitzen nuen" esaldia aipagarria da, badagoelako Kirol Psikologian ingelesez "flow" deritzaion espresio bat zeinak adierazten duen kirolean zenbaitetan bizi diren egoera bereziak, bakanak. Susan A.Jackson eta Mihaly Csikszentmihalyi-k "Flow in sports" liburuan, kirolean ematen diren esperientzia berezi horien,"Flow" esperientzien, zenbait dimentsio ezinbesteko deskribatzen zituzten, zeinak Tsonga "bultzatzen zuen energia" hori azaldu dezakeena, hein batean behintzat:

Erronka eta gaitasunaren arteko oreka: Hasieratik Rafael Nadal-i aurre egitearen erronka onartu du eta gainditzeko gai zela sinistu du, ongi prestatuta sentitzen zelako, ongi entrenatuta eta bere gaitasunean konfidantza zuen,.
Ekintza eta arretaren arteko bat-egitea: Gorputzak eta gogamenak unitate bakar batean batuko balira bezala, egiten ari garen horretan erabat murgilduta gauden egoeratan. Hain murgilduta zegoen Tsonga, ezen jotzen zituen kolpe guztiak ahalegin berezirik gabe egiten zituela zirudien, modu erabat naturalean, automatikoan, gorputza eta gogamena batuta baleude bezala.
Xede argiak: Xedeek ekintza gidatzen dute, nora jo adierazten dute eta helburua finkatzen. Tsongak argi zuen helburua, partida irabazi eta Australiako irekiko finalerako sailkatzea. Bide batez, profesional mailan joka zezakeen lehen finala zen. Xede argia zuen eta lortzeko bidean burubelarri sartu da.
Zereginean kontzentratuta: Helburuak argiak direnean errazagoa da kontzentrazio mantendu eta zereginean kontzentratuta egotea. Halaxe zegoen Tsonga, bere zereginean erabat kontzentratuta, kanpoko faktoreak ez baleude moduan.
Kontrol sentsazioa: Aurreko ezaugarri guztien baturak, kontrol sentsazioa ematen dio kirolariari, akatsik ez duela egingo sentitzen du, beldurrik gabe jokatzen du, Tsonga garaitezin sentitzen zen, gai zela sinistuz, erabat murgilduta Finala lortzeko xedean kontzentratuta.

Egoera bereizi hauek ez dira sarritan ematen kirolean, aipatu faktore guztiak egun, ordu eta une jakin horretan denak batera ematea ez baita batere erraza suertatzen. Ikusiko dugu finalean Tsongak berriz ere Nadalen aurka erakutsi duen jokoa, konfidantza eta kontzentrazioa erakusten dituen.

No hay comentarios: