2010-03-25

KONFIDANTZA ETA EMAITZA

Kirolean oinarrizko osagaia da konfidantza. Norbere buruarengan ziurtasuna edukitzea, erronkari aurre egiteko gai dela sentitzea ezinbestekoa du kirolariarik. Azken aldian, hainbat kirolari eta entrenatzailek elkarrizketetan eta prentsaurrekoetan konfidantza emaitzarekin oso modu estuan lotzen entzun ditut. Logika erabatekoan halaxe azaltzen dute: irabazten dut = emaitza positiboak lortzen ditut = emaitzek konfidantza ematen didate = emaitzek konfidantza handitzen dute.

Ez dago tartekorik, ezta beste helbururik ere. Helburua: irabaztea. Nola edo hala, berdin dio moduak eta bitartekoak, berdin dio guztiak, irabazten badugu, helburua bete dugu.

Norbere buruarenganako konfidantza emaitzen gorabeheren menpe. konfidantza emaitzarekin soilik elikatuz. Goi mailako kirolean, errendimenduaren helburu nagusia eta bakarra emaitza delako. Argi dago, goi mailan, parekotasuna hain handia den eremuan, lehiaketaren erronkari aurre egiteko emaitza positiboak lortzeak konfidantzan eragin ukaezina duela. Emaitza positiboek aurrera egiteko indarra, konfidantza eta energia ematen baitiote kirolariari eta entrenatzaileari. Baina emaitzak ez luke ebaluazio irizpide bakarra izan behar. Helduleku ahula da emaitza soilik kontuan hartzea. Lehiaketa aurretik helburu argi eta neurgarriak jarri ez baditugu, ez dugu zer ebaluatu eta zer neurtu edukiko. Ebaluatzeko irizpiderik ez baitugu izango emaitzaz haratago. Irabazi, ongi. Galdu gaizki. Hain sinplea eta hain okerra.

Konfidantza entrenamenduan landu behar du norberak, hobekuntza irizpideak eta helburuak finkatuz, entrenamenduetako zereginak betez, indarguneak eta ongi egiten direnak sendotuz eta hobetu beharreko arloak landuz. Konfidantza ez da kanpotik etorriko zaigun zerbait bezala ulertu behar. Adibidez, zenbatetan entzun dugu kirolari baten ahoan?: "Entrenatzaileak konfidantza handia eman dit" edo aurkakoa "Entrenatzaileak ez du nigan konfidantzarik, ez dut bere konfidantza sentitzen." Konfidantza norberak landu behar du nagusiki, kirolari bakoitzak egunerokotasunean landu eta indartu behar duen arloa da, emaitzetatik, entrenatzailearen eraginetik edo beste kanpo faktoreetatik haratago.

Haile Gebrselassie handiak Canal+ek eginiko erreportajean Michael Robinsoni esan zizkionak ekarri nahi ditut hona:

"Badakizu noiz hartzen den konfidantza? Entrenatzen. Ez da soilik sasoi fisiko kontua. Osasuntsu sentitu behar zara. Behar bezala entrenatzen baduzu, guztia behar den modua eginez gero, konfidantza iristen da" (3:58 minututik 5:00 minutura)



No hay comentarios: