2010-03-15

ZER EGITEN DU KIROL PSIKOLOGO BATEK?

Sarritan entzun eta beste hainbatetan erantzun behar izan dudan galdera: Zer egiten du kirol psikologo batek? Sarri askotan topatu izan naiz galdera hori egin izan didan jendearekin. Norbait ezagutu eta kirol psikologoa naizela esaten diodanean, zer demontre ote da hori? adierazten duten aurpegiak ikusten ditut maiz.

Oinarrian, kirol ingurunean dabilen pertsona orori laguntzeko gaude: kirolariak, entrenatzaileak, epaileak, gurasoak... Kirol Psikologoek laguntza eskaintzen dugu, pertsona bakoitzak egiten duen kirol jardueran gustura eta ongi sentitu dadin. Ez dugu soilik goi mailako kirolariekin lan egiten, edozein mailatan bere errendimendua hobetu nahi duen pertsona ororekin egiten dugu lan, hasi gazte mailako kirolari hasiberriarekin eta goi mailako kirolean errendimendua hobetzen burubelarri dagoen kirolariarekin bukatuz.

Hurrengo galderak, behin aurrekoari erantzuna eman diodanean, hauexek izaten dira: eta nola egiten duzue lan? Ze teknika edo tresna erabiltzen duzue?

Erantzuna: Hitza erabiltzen dugu. Hitza da gure tresna. Kirolariarekin edo entrenatzailearekin hitzegin egiten dugu, hitza kirolari edo entrenatzaileari ematen diogu. Berak egiten, sentitzen eta pentsatzen dituenak hitzetan jartzen laguntzen diegu. Kirolaria, hitzegitera baino, mugimendura, egitera ohituta dago eta guk egiten duen hori hitzetan jartzeko aukera ematen diogu. Egiten ari den horren inguruan pentsarazi. Hitza forma ezberdinetan: Elkarrizketak, Galdeketak, egunerokoak, tailerrak, talde dinamikak...bakoitzaren beharren eta denboraren arabera.

Oinarrian jarduera fisikoa eta mugimendua dena, hitzetan jartzen saiatzen gara. Pertsonak gustura sentitu daitezen edozein delarik ere beraien kirola. Horixe da egiten duguna. Horixe bakarrik. Horixe guztia.

No hay comentarios: