2009-12-14

Bertsolari kirolariak

Atzo jokatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko Finala BEC-en ia 15.000 ikusleren aurrean. Ez naiz ni orain eta hemen bertsotan hasiko, horretarako gaitasunik ez dudalako eta ez baita hori ere idazki honen helburua. Finala jokatu zen gune horretan bertan saskibaloi partiduak jokatzen dira hamabostean behin eta ezinbestean etorri zait kirola eta bertsoaren arteko lotura eta lehiaketari aurre egiteko prestakuntza psikologikoa bide batez:

PRESTAKETA / ENTRENAMENDUA

Bertsolari guztiek aipatu izan duten gaia, kirolariek beraien zereginerako entrenatzen duten bezala, bertsolariak ere prestaketa izan dute hizpide. Zenbaitek entrenamendua ere deitu izan dio. Kazetarien galderetan ere nabari izan da: nola entrenatu zara? zer egin duzu txapelketa prestatzeko? Bapatean abesteko nola prestatu liteke bat? Hori da burura etor daitekeen galdera. Baina prestatu beharra dut eta prestakuntza lantzen dute, kirolariek entrenatzen duten moduan.

Finalisten artean, egon dira gainera prestaketa garaia bereziki aipatu dutenak eta garrantzia handia eman diotenak. Jon Maiari entzun nion kontzentrazioa hobetzeko lan egin duela bereziki.

LEHIAKETA:
Lehiaketa aurrea.
Finalaren aurretik, komunikabideen aurrean jarri ziren 8 bertsolariak, Europako Txapeldunen Ligako final handiaren aurretik Batzelona edo Manchester-eko futbolariek egiten zuten moduan. Bertan, finalari begira bakoitzaren helburu eta desirak hitzetan: ondo pasatzea, ez sufritzea, norberaren mailarik onena ematea, ardura, suposatzen zaidan maila ematea, gozatzeko intentzioa edo egunaz disfrutatzea. Kirola eta bertsoa, futbola eta bertsoa, Andoni Egañak Berrian esandakoa: " Finalera normal joanda ere, barruko futbolari argentinarra irteten zait, eta irabazi egin nahi izaten dut, bai txapelketan bai edozein bertso saiotan.".



Oholtzara igo aurreko unea
Oholtzara igo aurreko unea, kirolariek zelairatu aurreko uneen antzekoa. Telebistaz ikusi izan genituen 8 bertsolariak bat eginda, sorbaldatik helduta, zortziak bat, talde bakarra osatuz. Kirol taldeek partidua hasi aurretik egiten duten moduan. Taldekide baina lehiakide, lehiakide baina taldekide. Guztiak final handiaren atarian batzen dituen sentimendu eta emozioak partekatuz; ardura, beldurrak, ongi egin nahi izatea,ilusioa... Eman dute agindua, bertsolariak oholtzara deitu dituzte eta hor doaz, banakako ilaran bertsozaleen txalo eta animoen artean. Emozioak nabarmentzen dira, urduritasuna, tentsioa. Eskailerak igo. Oholtzan daude eta bakoitzak bere tokia harzen du, jaka edo kazadora aulkian jarri eta aurkezpenak datoz eta ondoren agurrak, eseri dira eta hastera doa.

Lehiaketa bera:
Errutinak:Kirolariek, batez ere kirol jakin batzuetan,adibidez tenisean sakea egin aurretik edo golfean pilota jo aurretik, landutako eta prestatutako errutinak izaten dituzte, keinu ikasiak, ahalik eta gutxien pentsatzeko eta kolpea modurik automatikoenean egiteko.

Bertsolariek ere egiten dituzte zenbait errutina keinu bertsoa abesten hasi aurretik: Maialenek mikrofonoa heldu eta bere neurrira moldatzen du edo Ametsek sudurra ukitzen du burua mikrofonoaren alde batera eta bestera mugituz ondoren. Bertsolariek, pentsatu egiten dute bitartean, bertsoari itxura eman, zer eta nola esango duten prestatu eta ideiak borborka darabilzkite buruan. Prozesu sortzailean emozioak ere jokoan dituzte, final handi bat da eta. Emozioen kontrola eta bapateko sorkuntza lana. Uztartzen oso zailak.

Maialen eta Ametsek gainera, azken buruz burukora pasa ziren unean sentituko zituzten emozio olatu eta uholdeei aurre egin behar izan zieten, txapeldun izateko gertuago zeudela jakin ondoren, berriz ere lasaitasunaren eta kontzentrazioaren itsaso barea bilatu behar izan zuten, bertsotan jarraitzeko.

Lehiaketa ondorengo iritziak:
Autoan, irratian entzun nituen bertsolarien finalaren ondorengo iritziak eta kirolariek beraien kirol jarduna azaltzeko erabiltzen dituzten azalpenetatik gertu zeuden erantzunak eman zituzten:
- Jon Maiak prestaketa lana nabarmendu zuen, oholtzako maila oholtzatik kanpo egindako lanaren emaitza izan dela.
-Aitor Mendizulek eta Igor Sarriegik tentsio falta, lasaiegi aritu izanaren ustea eta sentsazioa zuten. Lehiatzeko tentsio puntu bat behar izaten dela eta ez zutela izan.
-Sustrai Colinak egunarekin gozatu zuela eta bizitzeko eguna argi zuela. Irribarreari eusten. Finala jasan edo gozatzearen hautuan, finala gozatzea erabaki duela.
-Ametsek finala bizi izan duen modua.
-Andonik errretiroa jakinarazi zuen txapelketatik. Bertsoaren Michael Jordan!
-Unai Iturriagak: Txapelketari duen neurria eman eta aurrera begira.

No hay comentarios: