2010-07-08

Ikastaroa bertan behera

Azkenean, izenemate kopuru urria zela eta, bertan behera gelditu ziren UEUko Udako Ikastaroetan ematekoa genuen "Burua hotz bihotza bero: kirolarientzat tresna psikologikoen lantegia" ikastaro-tailerra. Ilusio eta gogo handia genuen kirolariei zuzenduriko tailerrak egiteko, kirolariek entrenamendu eta lehiaketetan erabili ditzaketen tresna eta baliabide psikologiko eraginkorren inguruan aritu nahi genuen, arlo psikologikoa lantzeko baliabideak erakutsi nahi genizkien kirolariei.

Dena den, bidea ez da hemen amaitzen. Lanean jarraitzen dugu eta ikasturte berriarekin batera, 2010-2011 denboraldirako ikastaro, tailer eta baliabide gehiago prestatzen ari gara. Adi beraz, denboraldi berriarekin batera, aukera gehiago izango baita.

Laister ikastaro eta tailer berrien inguruko informazio zehatzagoa emango dizuegu. Adi beraz!

2010-05-11

Kirolarientzat tailerra UEUko Udako Ikastaroetan


"Burua hotz, bihotza bero: kirolarientzat tresna psikologikoen lantegia" izenburua duen tailerra antolatu dugu UEUrekin batera Udako Ikastaroetarako.

Kirola gero eta espezifikoagoa bihurtzen ari da. Arlo fisikoan, teknikoan edo taktikoan aurrerapen handiak egin dira azken hamarkadetan, baina arlo psikologikoa landu gabe gelditzen den arloa da oraindik. Hori dela-eta, ikastaro honen bidez kirolariei arlo psikologikoa lantzen lagundu nahi diegu. Edozein mailatako kirolariei zuzendutako tailer praktikoak izango dira. Modu praktikoan norberak landuko ditu bere kirol-jardunean arlo psikologikoa aintzat hartu eta indartzeko tresnak.

Irakasleak

Aritz Olagoi Olazabal
Psikologian Lizentziatua eta Kirol Psikologian Masterra.

Aitor Xabier Ruiz de Luzuriaga Urtiaga
Psikologian Lizentziatua eta Kirol Psikologian Masterra.

Miren Ripa Otegi
Psikologian Lizentziatua eta Kirol Psikologian Masterra.

Helburuak

Kirolariek, autoezagutzan sakontzea, aldagai psikologikoek kirolean duten eragina ezagutzea, arlo psikologikoa lantzeko tresnak bereganatze eta kirol-emaitzak modu objektiboan neurtzeko gaitasuna lantzea

Edukiak

Neure burua ezagutzen: motibazioa, autokonfiantza, aktibazioa eta urduritasuna, arreta eta kontzentrazioa. Nola eragiten didate?

Burua nola landu? Entrenamenduetan abilezia psikologikoak lantzeko bideak.

Lehiaketa Ebaluazioa: Modu objektiboan ebaluatzen al dut kirol-emaitza? Nork bere ebaluazio-tresnak sortu lehiaketaren balorazio objektiboa egiteko.
Metodologia

Gaiak lantzeko orduan, oinarrizko arlo teorikoa eta arlo praktikoa landuko dira. Praktikari lehentasuna emango zaio eta dinamika parte-hartzaileen bidez landuko dira gaiak, norberaren beharrei eta lehentasunei erantzun egokiak ematea izango delarik helburua.

Nori zuzendua

Edozein mailatako eta edozein kirol egiten duten kirolariei zuzendutako tailerrak izango dira.

Egitaraua

2010-06-30
09:00-11:00 Sarrera. Nor da nor? Elkar ezagutzen. Zer da kirolaren psikologia eta zer ez da?
11:30-14:00 Egunerokoaren bidez motibazioa eta autokonfidantza nola indartu. Altxorraren bila: nire indarguneak eta ahulguneak deskubritzen.

2010-07-01
09:00-11:00 Adi eta erne!! Arreta eta kontzentrazioa landuz. Aktibazioa, estresa, antsietatea: Sentitu, neurtu eta moldatzeko.
11:30-14:00 Erlaxazioa nola eta zertarako erabili dezaket kirolean? Bisualizazioa: Zer da? Zertan lagun nazake kirolean?

2010-07-02

09:00-11:00 Lehiaketa aurretik zer egin? Lehiaketa aurrearen planifikazioa. Lehiaketarako plan pertsonala: norberaren errutinak sortuz.
11:30-14:00 Lehiaketa ondoren zer? Norbere errendimendua ebaluatzeko tresnen sorkuntza. Zer ikasi dut? ikastaroaren laburpena eta ebaluaketa saioa.

MATRIKULAZIOA:
Matrikula-epearen hasiera: 2010(e)ko maiatzaren 10a
Matrikula-epearen bukaera: 2010(e)ko ekainaren 20a

Gogoratu, matrikula eta beste zenbait gastu diruz laguntzen dituztela zenbait Udalek eta Foru Aldundiek. Ikusi hemen dirulaguntzen inguruko informazioa.
Informazio zehatzagoa jasotzeko: 943 82 14 26, i.iciar@ueu.org eta UEUren Udako Ikastaroen webgunean.

2010-04-20

ANTSIETATEA MANEIATU


Uda heltzear dagoenean, talde kiroletako Txapelketa gehienak azken txanpan sartzen dira. Amaiera hurbiltzen den heinean, partidek garrantzia handiagoa izaten dute eta hutsegiteak eta okerrak zuzentzeko denbora agortzen hasten da. Denboraldiko partida erabakiorrak ekartzen ditu berarekin txapelketa amaierak eta azken jardunaldiek antsietatea eta urduritasuna izaten dute bidelagun kirolari eta entrenatzaile askorentzat.

Teknika, taktika, estrategia eta arlo fisikoarekin zerikusia duten hitzak eta kontzeptuak entrenatzaile eta kirolarien ahotatik desagertu eta arlo psikologikoarekin zerikusia duten hitzak agertzen dira: presioa, antsietatea, urduritasuna, emozioen kontrola... Adibidez:

- Martin Lasarte Realeko entrenatzaileak hauxe bota zuen Albaceteren aurkako partida osteko prentsaurrekoan: "10 partida baina gutxiago gelditzen zaizkigu. Egoera honek sorraraztzen duen presioa hobekien jasaten dutenek lortuko dute saria"

Galdera ezinbestean etorri zitzaidan hau irakurritakoan: Zer egiten dute entrenatzaile eta kirolariek denboraldian zehar une hauetan sortzen den presioa maneiatzeko gai izateko? Horrelako egoerak azaltzen direnean presiori aurre nola egin ba al dakite kirolari eta entrenatzaileek? Jakin badakite zer egin behar duten, presioa eta urduritasuna kontrolatu eta maneiatu beraien onurarako eta presioak beraien errendimendua oztopatu ez dezan. Baina nola egin lantzen al dute?

Presioari eta urduritasunari aurre egiteko bideak eta moduak landu daitezke eta landu egin behar dira. Erlaxazioa, bisualizazioa, norbanakoaren eta talde autokonfidantza landu, pentsamenduen kontrola... Goi mailako kirolean, helburuak lortzetik zenbat eta hurbilago egon, presioa handiagoa izaten da eta denboraldian zehar egoera horiei nola aurre egin landu egin beharko lukete entrenatzaileek eta kirolariek. Arlo fisikoa, teknikoa eta taktikoa entrenamenduaren bidez denboraldi guztian zehar entrenatzen den moduan, arlo psikologikoa ere denboraldian zehar landu behar da. Prestakuntza psikologikoa planifikatu egin behar da. Azken txanpan sartutakoan, kirolariek antsietatea eta urduritasuna nola maneiatu ditzaketen barneratuta eta landuta eduki behar dituzte. Antsietatea eta urduritasuna maila kognitibo eta fisiologikoan kontrolatzeko teknika eta estrategiak ezagutu eta aplikatzen jakin behar lukete eta lehiaketa egoeretan urduritasuna maneiatzeko tresna pertsonalak erabiltzen jakin beharko lukete.


Irudia / Imagen de Sergio Sanchez Perez

2010-03-25

KONFIDANTZA ETA EMAITZA

Kirolean oinarrizko osagaia da konfidantza. Norbere buruarengan ziurtasuna edukitzea, erronkari aurre egiteko gai dela sentitzea ezinbestekoa du kirolariarik. Azken aldian, hainbat kirolari eta entrenatzailek elkarrizketetan eta prentsaurrekoetan konfidantza emaitzarekin oso modu estuan lotzen entzun ditut. Logika erabatekoan halaxe azaltzen dute: irabazten dut = emaitza positiboak lortzen ditut = emaitzek konfidantza ematen didate = emaitzek konfidantza handitzen dute.

Ez dago tartekorik, ezta beste helbururik ere. Helburua: irabaztea. Nola edo hala, berdin dio moduak eta bitartekoak, berdin dio guztiak, irabazten badugu, helburua bete dugu.

Norbere buruarenganako konfidantza emaitzen gorabeheren menpe. konfidantza emaitzarekin soilik elikatuz. Goi mailako kirolean, errendimenduaren helburu nagusia eta bakarra emaitza delako. Argi dago, goi mailan, parekotasuna hain handia den eremuan, lehiaketaren erronkari aurre egiteko emaitza positiboak lortzeak konfidantzan eragin ukaezina duela. Emaitza positiboek aurrera egiteko indarra, konfidantza eta energia ematen baitiote kirolariari eta entrenatzaileari. Baina emaitzak ez luke ebaluazio irizpide bakarra izan behar. Helduleku ahula da emaitza soilik kontuan hartzea. Lehiaketa aurretik helburu argi eta neurgarriak jarri ez baditugu, ez dugu zer ebaluatu eta zer neurtu edukiko. Ebaluatzeko irizpiderik ez baitugu izango emaitzaz haratago. Irabazi, ongi. Galdu gaizki. Hain sinplea eta hain okerra.

Konfidantza entrenamenduan landu behar du norberak, hobekuntza irizpideak eta helburuak finkatuz, entrenamenduetako zereginak betez, indarguneak eta ongi egiten direnak sendotuz eta hobetu beharreko arloak landuz. Konfidantza ez da kanpotik etorriko zaigun zerbait bezala ulertu behar. Adibidez, zenbatetan entzun dugu kirolari baten ahoan?: "Entrenatzaileak konfidantza handia eman dit" edo aurkakoa "Entrenatzaileak ez du nigan konfidantzarik, ez dut bere konfidantza sentitzen." Konfidantza norberak landu behar du nagusiki, kirolari bakoitzak egunerokotasunean landu eta indartu behar duen arloa da, emaitzetatik, entrenatzailearen eraginetik edo beste kanpo faktoreetatik haratago.

Haile Gebrselassie handiak Canal+ek eginiko erreportajean Michael Robinsoni esan zizkionak ekarri nahi ditut hona:

"Badakizu noiz hartzen den konfidantza? Entrenatzen. Ez da soilik sasoi fisiko kontua. Osasuntsu sentitu behar zara. Behar bezala entrenatzen baduzu, guztia behar den modua eginez gero, konfidantza iristen da" (3:58 minututik 5:00 minutura)



2010-03-15

ZER EGITEN DU KIROL PSIKOLOGO BATEK?

Sarritan entzun eta beste hainbatetan erantzun behar izan dudan galdera: Zer egiten du kirol psikologo batek? Sarri askotan topatu izan naiz galdera hori egin izan didan jendearekin. Norbait ezagutu eta kirol psikologoa naizela esaten diodanean, zer demontre ote da hori? adierazten duten aurpegiak ikusten ditut maiz.

Oinarrian, kirol ingurunean dabilen pertsona orori laguntzeko gaude: kirolariak, entrenatzaileak, epaileak, gurasoak... Kirol Psikologoek laguntza eskaintzen dugu, pertsona bakoitzak egiten duen kirol jardueran gustura eta ongi sentitu dadin. Ez dugu soilik goi mailako kirolariekin lan egiten, edozein mailatan bere errendimendua hobetu nahi duen pertsona ororekin egiten dugu lan, hasi gazte mailako kirolari hasiberriarekin eta goi mailako kirolean errendimendua hobetzen burubelarri dagoen kirolariarekin bukatuz.

Hurrengo galderak, behin aurrekoari erantzuna eman diodanean, hauexek izaten dira: eta nola egiten duzue lan? Ze teknika edo tresna erabiltzen duzue?

Erantzuna: Hitza erabiltzen dugu. Hitza da gure tresna. Kirolariarekin edo entrenatzailearekin hitzegin egiten dugu, hitza kirolari edo entrenatzaileari ematen diogu. Berak egiten, sentitzen eta pentsatzen dituenak hitzetan jartzen laguntzen diegu. Kirolaria, hitzegitera baino, mugimendura, egitera ohituta dago eta guk egiten duen hori hitzetan jartzeko aukera ematen diogu. Egiten ari den horren inguruan pentsarazi. Hitza forma ezberdinetan: Elkarrizketak, Galdeketak, egunerokoak, tailerrak, talde dinamikak...bakoitzaren beharren eta denboraren arabera.

Oinarrian jarduera fisikoa eta mugimendua dena, hitzetan jartzen saiatzen gara. Pertsonak gustura sentitu daitezen edozein delarik ere beraien kirola. Horixe da egiten duguna. Horixe bakarrik. Horixe guztia.

2010-02-11

ELKARRIZKETA FAKTORIAN

Gaur goizean elkarrizketa egin diote KirolPsikologia.com-en arduradun Aritz Olagoiri. Gaia: Futbolean gaizki moldatzen denak sufritu egin behar al du oraindik? Haurrak eta kirola gaia azken finean. Entzun Aritz Olagoi Faktorian: