
Osakan Atletismoko Munduko Txapelketarekin ari dira gozatzen aste honetan. Bertan orain arte ikusten aritu naizen frogetatik, ikuspuntu psikologikotik interesgarriena, luzeera jauzia izan da niretzat. Dominak lortzeko atleten arteko lehia gorabeheratsua izan da, batez ere brontzezko dominari dagokionean, hainbat atletak eduki baitute domina hori lepotik zintzilik jauziak egiten aritu diren heinean. Unerik ikusgarriena, azken jauzien txanda etorri denean gertatu da.
David Howie jauzilari Italiarrak, ordurarte 4. postuan zegoenak, jauzi ikusgarria egin du eta 1. postuan jartzea lortu du 8,47 metroko jauzia egin ondoren. Jauzi ondorengo une horietan David Howie pozazren pozaz keinuak eta imintzioka hasi da, bere onetik aterata, lortutako marka ia ezin zuelarik sinetsi, pozak erabat hartuta eta lehenengo postuaz erabat ziur zegoela esango nuke.
Baina oraindik 2 atleta gelditzen ziren azken jauzia egiteko, 3. postuan zegoen Dwight Phillips Estatu Batuarra eta Irving Saladino, ordurarte lehen postuan zihoan Panamako jauzilaria. Howieren jauzi ikusgarriaren ondoren, kamerak Saladinorengan jarri du arreta eta honen patxada eta lasaitasuna goraipatzekoak iruditu zaizkit, begirada kontzentratua zuen, lasaitasuna mantentzearren, oraindik ere jauzi bat gelditzen zitzaiolako eta bere energia eta arreta guztia azken jauzi irabazle batengan jartzen ari zen.
Horrelako uneetan bereziki garrantzitsua da geure pentsamenduen kontrola. Saladinok oraindik ere azken aukera bat zuen eta jauzi hori ahalik eta hobekien baliatu behar zuen, azken aukera hori aprobetxatu egin behar zuen eta horretarako ezinbestekoa zen pentsamenduak eta emozioak kontrolatzea, modu negatiboan pentsatzen ez hastea: " Akabo nire ilusioa, urrezko domina galdu dut. Ezingo dut Italiarrak egin duen jauzi hori gainditu, ez naiz gai izango". Egoera bera gogorra zen , ez baizitzaion aukera bakarra besterik gelditzen eta txapeldun izan edo ez izan zegoen azken jauzian erabakiko zen. Dena edo ezer ez. Guztia aukera bakar batera mugatuta.
Estatu Batuarrak egin du jauzi Italiarrak bere show-a amaitu duenean eta 3. postua hobetzea ezin izan du lortu. Azkenik, Saladinoren ordua iritsi da, abiadura hartu eta jauzia egiteko markaruntz abiatu da, markan jauzi egin eta bere gorputz guztia aurreruntz urkuztu du besoak eta hankak bat eginez ahalik eta urrunen hegan egin nahian... Jauzi-lekuko hondarrean erori denerako konturatu da lehen postua berreskuratu duela eta bapatean altxa eta ospatzen hasi da. 8,57 metrorekin, Munduko Txapelketan Urrezko domina lortu du.
Une benetan zaila gainditzea lortu du eta minutu batzuk lehenago galdu duen urrezko domina berreskuratu, hein handi batean, arreta eta kontzentrazioa bere zereginean mantendu dituelako, emozioak kontrolatzea lortu eta Italiarraren jauziaren ostean Estadioan sortu den zarata eta garraixietatik bere burua urruntzea lortu duelako, bere buruarengan isolatuz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario