2009-05-16

Lesioak, gogoetarako bide izan daitezke

Berrian elkarrizketa interesgarria egin diote Irati Anda eskalatzaileari. Joan den maiatzean izandako lesioa izan dute hizpide eta osatze prozesua nola bizi izan duen kirolariak, nola gainditu dituen une gogorrenak.

Kontu interesgarriak aipatzen ditu bertan Iratik, edozein kirolarentzat ikasgai paregabeak, min hartuta egon ala ez. Aipagarriena izenburuan jarri dudana. Lesioak, kirol ibilbidean etena izaten dira eta kirolariak bi modutan aurre egin diezaioke, modu negatiboan edo modu eraikitzailean. Osatze bidean una zailak beti azaltzen diren arren, ezinbestekoa da baikortasunez aurre egitea eta prozesuan zehar ikastea, Iratik aipatzen duen moduan: "Gaizki pasatu dut, baina zerbait ikasi ere bai; egoera onartzen ikasi dut, gogoeta egiten, eta eskaladaz harago ere gustuko ditudan gauzak badirela ikusi dut. Tontakeria dirudi, baina kosta egin zait buelta ematea". Kirolariak, sarritan, beren kirolean hain burubelarri daude sartuta, ezen ez direla konturatzen, kirolaz gain, bizitzan gozatzeko beste bide eta aukera asko daudela. Norberaren gustukoak diren zaletasunak topatzea da kontua, lesioaren osatze prozesuan oso lagungarri izango zaizkiolako, une oro lesioan pentsatzeari uzteko.

Une gogorrenetan ere, esperantza galdu gabe: "Zalantzarik gabe, bizitzan dena ez delako ona izaten; egoerak onartzen eta horietara moldatzen jakitea da kontua. Ezin duzu egun osoa triste eta burumakur pasatu, eta osatzeko gogoa dudanez, badakit osatuko naizela. Esan duzun moduan, unerik ilunenetan ere badira argi izpiak, ikusi nahi dituenarentzat, noski. "

No hay comentarios: