2009-07-20

AUTOKONFIDANTZA

Sarritan, kirolari eta entrenatzaileen ahotan dabilen hitza da "konfidantza". Emaitza edo errendimendu egoki ala desegokia, errendimendu hobea ala exkaxa azaldu behar dutenean. Lehiaketa edo partida batean errendimendu egokia izan denean aipatzen direnetako batzuk hauexek izaten dira:" Konfidantza handia eman dit markagailuan hasieratik aurretik ibiltzeak". Hauxe esan dezake bakarkako kirolari batek edo " Partidan aurretik jarri gara markagailuan eta horrek konfidantza handia eman dio taldeari" esan dezake talde kiroleko entrenatzaileak. Bi esaldi, bi kirol mota ezberdinetakoak, baina funtsean gauza bera adierazten dutenak: autokonfidantzaren garrantzia. Autokonfidantzak kirolean zein garrantzia du? Emaitza bezalako kanpo aldagaiei bakarrik loturik al dago? Nola landu daiteke autokonfidantza?

Teoriak esaten diguna:

Autokonfidantza: Pertsona batek jokabide bat modu egokian eginez emaitza jakin bat lortzeko gaitasuna duenaren konbentzimendua edo ziurtasuna. Autokonfidantzak, finean, zerikusi zuzena du espektatiba errealistekin, norbera benetan egiteko gai denarekin. Barne egoera bat da, non gainditu beharreko zailtasunen ezagutza errealista bat izango duen norberak eta zailtasun horiek gainditzeko beharrezkoak diren baliabideen jabe dela ere bai.

Martens-ek (1987) argi ulertzeko moduan adierazi zuen Autokonfidantzak ez duela zerikusirik "kirolariak modu itsuan irabaz dezakeela" sinistearekin edo "inoiz akatsik ez duela egingo"pentsatzearekin, baizik eta konbentzimendua izatea, egoera edo erronka bat gainditzeko eta bidean azalduko zaizkigun zailtasun eta akatsei aurre egiteko beharrezkoak diren gaitasun eta ahalmenak badituela norberak.

AutoKonfidantza duen kirolariaren ezaugarriak:

* Norbere buruaren ezagutza handia dute eta alde onak nahiz alde ahulak ezagutzen dituzte.
* Entrenamendua nahiz lehiaketa erronka moduan bizi dituzte.
* Lehiaketa aurreko "estresa" kontrolatzeko gaitasun handiagoa dute.
* Ahaleginean jarraitzeko prestatuago egongo dira, baita egoera okertu edo ezustekoren bat gertatzen denean ere.
* Lehiaketa edo partida kaxkarrak egin ondoren egoera horiek gainditzeko gaitasun handiago izango dute, oreka emozional handiagoa dutelako.
* Bere errendimendua modu objektiboan ebaluatzeko gaitasuna dute eta etorkizunerako irakurketa osoagoak eta zehatzagoak egiten dituzte.

No hay comentarios: