2009-07-09

HAIMAR ZUBELDIA BERRIA

Haimar Zubeldiak aldaketa nabaritu du Astana taldean dagoenetik. Horixe adierazi du Noticias de Gipuzkoa egunkarian egin duen elkarrizketa batean.

"Betiko Haimar naiz: iraultza mentala izan da" esan berri du Usurbilgo txirrindulariak. Elkarrizketan zehar Astana taldearekin taldekako erlojupekoan lortutako garaipenarekin gustura dagoela adierazteaz gain, Tourrarekin eta txirrindularitzarekin gozatzen ari dela dio, beste modu batean bizi duela orain txirrindularitza eta egoera berriaren zergatiak ere azaltzen ditu:

" Tourra beste modu batean bizi dut aurten. Euskaltel-Euskadirekin nengoen ohituta eta hura beste kontu bat zen. Presioa nuen: neronek nire buruari, taldeak eta taldearen atzetik zegoen jende guztiak jartzen zidatena. Taldetik joateko erabakia hartu nuenean hori guztia alde batera uzteko izan zen. Orain pozik nago, gozarazten didan moduan ari bainaiz. Bizikletarekin gozatzeko gogoa nuen, ogibidea beste ikuspegi batetik ikustea. Astana bezalako talde batean egoteak izugarri laguntzen dit."

Goi mailako kirolean presioa iturri ezberdinetatik etor daiteke, eta Fernando Torresi buruz idatzitakoa berresten da. Norberaren etxeko taldean aritzea ez da samurra izaten, norbere buruari presioa handiegia jartzen diolako sarritan kirolariak, etxekoak eta ingurukoak talde horretako jarraitzaile izateak presio hori biderkatu egiten duelarik. Euskaltel Euskadin aritzea alde batetik etxean aritzea da, betiko ametsa txirrindulari askorentzat, baina Euskal Herri guztia atzetik dagoela ezin ahaztu eta horrek presioa handitu egiten du. Txirrindularitza gainontzeko talde kirolekin alderatuta gainera, erabat ezberdina da. Txirrindularitzan ez daude beste talde kiroletan dauden moduan taldeko zaletuak, taldeak enpresak baitira eta talde zaletuak dituen talde bakarra Euskaltel Euskadi da.

Horrenbestez, ezinbestekoa da mentalki indartsua izatea, kirolarekin gozatzeko eta zaleen eta jarraitzaileen presioarekin gozatzeko modua aurkitu behar du sarritan etxeko kirolariak eta zama astun bihur daitekeen presio hori indar eta motibazio bihurtu.

No hay comentarios: