2009-06-30

ETXEA, OTSO

Futbolean eta orohar kirolean, beti zaindu izan dira modu berezian kirol ibilbide osoa "etxeko" taldean egin izan duten jokalariak. Jokalariak zaindu ezezik, mirestu eta haien eskuzabaltasuna eskertu ere bai, "kanpotik" etorri izan zaizkien eskaintza hobeak baztertu izan dituztelako maiz. Garai batean, futbol jokalari gehienek, "betiko" taldean,etxean, hasi eta bukatzen zuten jardun profesionala. Real Madrid, Bartzelona edo antzeko talde handiren bat zorroa bete diru etortzen ez bazen behintzat. Nekeza egiten zitzaion futbolariari betiko taldea utzi eta beste talde batera joatea.

Gaur egun, bizi dugun garai globalizatuan, gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da jokalariak "betiko" taldea utzi eta kirol xedeak arnasberrituko dizkien kirol egitasmoaren bila atzerrira ateratzea, dela bertako ligara, dela gero eta sarriago, atzerrira, Ingalaterrara bereziki. Horrelakoetan, bi arrazoi nagusi izaten dira erabakiaren helduleku:

1.- Talde berriaren eskaintza ekonomiko paregabea.
2.- Talde berriak futbolariaren kirol nahiak eta ametsak betetzea: kirol lorpenak erdiesteko bidean jartzea.

Azkenaldian, zenbait futbolarik elkarrizketetan eman dituzten erantzunak irakurri ondoren, hirugarren arrazoi bat ere gehitu geniezaioke futbolariaren erabakiari:
3.- Etxeko taldean jokatzeak sortzen dien presio eta erantzunkizun gehigizko eta itogarria atzean uztea eta futbolaz gozatzea.

Horixe bera ondoriozta dezakegu Fernando Torres Liverpooleko jokalariari duela gutxi egindako elkarrizketan. Zera dio:

" Liverpoolen nagoenetik gehiago gozatzen dut, Atletico Madrilen pausu bakoitzeko jarraitzen niduen zama astuna gainetik kendu dut. Talde berean kapitaina eta zalea nintzen eta jasanezina bihurtzen da hori. Funtsean, Liverpoolen bizi-kalitatea hobea da. Madrilen egin ezin nituen gauzak egin ditzaket. Badirudi etxekoa zarelako guztia duzula gozatu eta zoriontsu izateko, baina ez da hala."

No hay comentarios: