2009-07-02

Partida mentala



Kirolaren Psikologiaren zereginetako bat kirolaria entrenamendu eta lehiaketarako psikologikoki prestatzea da. Kirolaria arlo psikologikoa entrenatzea eta prestatzea. Sarritan, maila fisiko,tekniko eta taktiko antzekoak dituzten kirolarien artean egoten den aldea psikologikoa izaten da. Buru gogortasuna, norbere buruarengan kirolariak duen konfidantza une erabakiorretan, irabazteko sena gailentzea une horietan.

Gaur Serena Williams eta Elena Dementievak Wimbledon tenis txapelketako lehenengo finalerdia jokatu dute. Serena gailendu zaio Elenari oso partida parekatua jokatu ostean: 6/7 7/5 eta 8/6. Bion arteko aldea bataren eta bestearen buruek finkatu dute. Azkeneko setean, partida irabazteko bi pilota eduki ditu Dementievak. Tantoa irabazi eta finalera. Ez zuen besterik egin behar. Baina ezin izan du. Serenak, berriz, nahikoa izan du partida irabazteko pilota bakarra. Tantoa bukatu eta finalera.

Jakinminak jota, internetera jo dut bataren nahiz bestearen kirol ibilbideko lorpenak ikustera. Biek, gainera, 27 urte dituzte. Lorpenetan ordea, aldea nabarmena da: Serenak 33 txapelketa lortu ditut eta 10 aldiz irabazi ditu Grand Slam deituriko txapelketak: Australian Open, Roland Garros, Wimbledon eta US Open. Elena Dementievak 13 txapelketa irabazi ditu baina Grand Slameko alerik ere ez, 2 final eta 2 finalerdi jokatu dituen arren.

Joko mailan goi mailako gainontzeko jokalarien parean dago. Dementievak arlo tekniko, taktiko eta fisikoan baino, arlo psikologikoa bereziki zaindu eta indartu beharko du Grand Slameko txapelik jantzi nahi badu behintzat.

No hay comentarios: