2010-01-04

Entrenatzaile-kirolari In-Komunikazioa

Fernando Goñi pilotariak elkarrizketa batean esandakoek, argi uzten dute maiz kirol munduan komunikazioa inkomunikazio bihurtzen dela, egoera zail eta desatseginak sortuz.

Bada futbol munduan bereziki,baina baita beste zenbait talde kiroletan ere, kirolarien artean ahoz-aho, egunerokotasun erabatekoz zabaldu den esaldi bat, inkomunikazio honen erakuslerik gordinena iruditzen zaidana.

Adibide ohikoa: Kirolari bat, talde kirol batean aritzen dena eta aspaldian partidarik jokatu gabe dagoena. Ez du arazo fisikorik eta alde horretatik jokatzeko moduan dago. Prentsaurrekora deitu dute kazetariek eta bere egoeraren berri ematerako orduan, hauxe dio " Entrenatzailearekin ez dut nire egoeraren inguruan berba egin. Jokatzen nuenean ez zidan azalpenik ematen eta orain jokatzen ez dudalako ez dit azalpenik zor". Komunikabideen aurrean kirolari eta entrenatzaileek esandakoak neurrian ulertu behar direla kontuan izanda ere, talde horretako entrenatzailea eta kirolari hori erabateko inkomunikazio egoeran bizi direla esan liteke okertzeko beldur handirik gabe. Hortaz, entrenatzaileak ez dio jokatzen ez duen kirolari bati (ezta jokatzen duenari ere antza denez) ezer esan beharrik, eta kirolariak ere, badirudi egoera hori hala ulertzen duela.

Komunikazioa eta kirola, horra hor bi hitz, bateragarriak eta osagarriak izan beharko luketenak, sarritan, bateraezinak balira bezala azaltzen direnak. Kirolari eta entrenatzailearena, biona da komunikazio irekia eta benetakoa mantentzeko erantzunkizuna.

Kirolariak nola jakingo du entrenamenduetan egiten duen lanarekin entrenatzailea gustura dagoen galdetzen ez badio? Partidetan jokatzea ez dago kirolariaren esku baina kirolariak jakin beharreko kontua da entrenatzailearen ustez zein diren bere indarguneak, zer ematen dion taldeari haren iritziz eta zein arlo dituen hobetzeko.

Entrenatzaileak berak ere jokatzen ez duen kirolariarengandik gertu egon beharko luke, bere beharrak asetu, bere indarguneak adierazi eta hobetu beharrekoak jakinarazteko, kirolaria motibatuta mantendu eta jokatu behar duenean prest egon dadin.

Ezinbestekoa da entrenatzaile-kirolari komunikazioa eta honako ezaugarriak kontuan eduki beharko lituzkete modu eraginkorrean komunikatzeko:

ARGIA: Informazioa modu argian eman.
LABURRA: Mezua laburrean eman.
ZUZENA: Zehatza izan, nahastu lezakeen informaziorik ez eman.
OSOA: Informazio guztia eman, ez zati bat bakarrik.
ATSEGINA: Atsegina izan, mehatxurik ez erabili.
KONSTRUKTIBOA: Positiboa izaten saiatu, sahiestu modu negatiboan kritikatzea.

1 comentario:

Anónimo dijo...

Arrazoia duzu aritz, solidario in-solidario. kixi